XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ISILPEAN

Demagun etsipenak jota bizi zarela, munduari lotzen zaituen zilbor-hestea eten ezinik eta dena bertan behera uztearekin baino ez duzula amets egiten.

Bada, zaude lasai, adiskide.

Har ezazu eskuin eskuaz betiko zorionerantz eraman zaitzakeen hori, ipin ezazu belarriaren ondoan eta errebolberra sakatu aurretik, senti ezazu nola hartzen zaitun mendean azken unean nagusitu ohi den ikarak.

Errepara iezaiozu aurki ahotik kanporatzear duzun bihotzaren erritmo biziari eta gozatu bizitzaren amaierak berarekin dakarren estuasunaz.

Baldin eta zure izate hutsarekin bukatzea erabakitzen baduzu, zorionak.

Aukera ezinhobea egina izango duzu bilatzen duzuna gehiago ez sufritzea izanez gero.

Aitzitik, koldarkeriak behartuta bizirik mantentzen zaituen hatsa eusteari baderitzozu egokien, jakin ezazu alferrikakoak izanen direla gero damuak.

Izan ere, ni damu naiz orain, baina aukeran nahiago tamala, hobiaren itzala baino.

Gauzak aspaldian ez dabiltza nahi bezain ongi, antza, gaur ere ordu laurdeneko atzerapenaz iritsi baita metroa.

Hiriko beste puntan dagoen supermerkatuan eman dut arratsalde osoa, izozkailuak greba aldarrikatu eta jatekorik gabe laga nau eta madarikatuak.

Harategira joan eta Bilbo osoko atso zahar, neskame eta alargun kontakatiluekin egin dut topo lehendik ere amaitzear nuen pazientzia urria arriskuan jarriz.

Batek txerri txuleta fin-finak eskatu ditu eritetxetik etorri berri den bere senarrarentzat; neskame batek, aldiz, tripakiengatik egin dio galde harakinari eta halaxe, txuletak hara tripakiak hona, kontuak gora kontuak behera, arratsaldea uste baino lehenago joan zait ihesi.

Zazpiak ederki jota etxeratu naiz blai-blai eginda eta soinean neraman alkondara bustiak neure azpiko arropak ia bistan ipinita.

Patrikan txanpon bakarra nuela itzuli naiz (merke-merke zegoen larruzko jaka dotorea izan baita xahututako diru guztiaren errudun) eta portaleko atea irekitzen saiatu bezain pronto jabetu naiz neure memoria negargarriaz.

Ezkerreko poltsikoan mukizapia baino ez, eskuinekoan, berriz, oraindik ere josi gabeko patata tankerako zuloa.

Non demontre sartu ote nituen, bada, giltzak?

Presaka joan natzaio atea irekitzera, ziur bainengoen lehenago edo beranduago jausiko zela hain gertutik jarraitzen duen maitale isil horren atzaparretan.

Sekula ez dut hain polita ikusi; inoiz baino erakargarriagoa iruditu zait bere alkondararen zirrikituak eskaini didan ikuskizuna, edozein aztoratzeko modukoa, benetan.

Ez diot galderarik egin nahi izan, baina giltzak etxean ahaztu dituela esanez hartu dit aurrea eta gainerontzeko pisuetan inoren erantzunik ez duela jaso ere gehitu du.

Une batez isilik geratu gara biok; elkarren begiradak gurutzatu zaizkigu ustekabean